XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joakinek mingaina atera dio Agnani, ate aurrean eseri eta serrailaren txulotik begira jarri da.

- Inor ez al dator, Joakin?- galdetu dio Clotairek.

Joakinek, ez zuela ezer ikusten erantzun dio.

Orduan Clotaire altxa da eta Agnan bere aritmetikako liburua jatera behartuko zuela esan du.

Oso ideia ederra zen, baina Agnani ez zaio gustatu, eta deiadarka zioen: - Mesedez! Betaurrekoak ditudalaaa...! - Bai, horiek ere jango dituk!- esan du Clotairek -, Agnan zeozer jan beharrean zegoela sartu bait zaio buruan.

Baina Geoffroyk tontokeriatan ez zela denborarik galdu behar esan du, hobe zela pilotan jostatzea.

- Eta orduan, buruketak zer?- galdetu du Agnanek, nahiko nahigabe itsuraz; baina ez diogu kasorik egin, eta bata besteari pilota botaka hasi gara, eta benetan kristona da pupitreen artean jostatzea.

Handia naizenerako klase bat erosiko dut, bertan bakarrik jostatzeko.

Eta ondoren oihu bat entzun dugu eta lurrean ikusi dugu Joakin eskuak sudurrean zituela.

Baxarri izan da atea ireki duena, eta dirudienez Joakinek ez du ikusi.

- Zer duzu?- galdetu dio Baxarrik, erabat harriturik; baina Joakinek ez du erantzun, ai, ai! bakarrik esaten zuen, eta orduan Baxarrik besoetan hartu eta kanpora eraman du.

Gu, pilota jaso eta geure lekuetara joan gara.

Baxarri Joakinekin itzuli denean, honek handituta zeukan sudurra, kopeteraino zegoela esan digu (...).